XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Lagun bat atxilotu dute Iruñean Mexikokoaren eraginez

Dominguez errefuxiatuak bere identitatea erabili omen zuelako atzeman dute Iñaki Ruiz Alfranca

Agentziak / Iruñea-Mexiko

POLIZIAK Iñaki Ruiz Alfranca atxilotu zuen herenegun goizean Iruñeko Txantrea auzoan, Madrilgo Entzutegi Nazionalaren aginduz.

Txantreako atxiloketak badu zerikusirik joan zen asteazkenean Mexikoko hiriburuan izan zenarekin.

Antza denez, Koldo Dominguez euskal errefuxiatuak nortasun agiri faltsua zeraman, Iñaki Ruiz Alfrancaren izenean, Mexikon preso hartu zutenean.

Hori dela eta, ETAri lagundu izana leporatu diote Txantreako gazteari.

Atxilotua Madrilera eraman zuten atzo eguerdian Entzutegi Nazionalean deklaratzeko.

Ruiz Alfranca goizeko bederatziak eta erdiak aldera atxilotu zuen Poliziak, etxetik atera ondoren lantokira zihoala.

Gaztea inkomunikatu egin zuten eta arratsaldeko zortziak aldera bere etxea miatu zuten.

Gaua Poliziaren Iruñeko komisarian eman zuen Ruiz Alfrancak.

Inkomunikazio epea luzatzen ez badiote, gaur eramango dute epailearen aurrean deklaratzera.

Koldo Dominguezek, berriz, Nazio Batuen Errefuxiatuentzako Komisariatu Nagusiaren (UNHCR) babesa eskatu du Mexikotik kanpora ez dezaten.

Donostiako errefuxiatua hiru orduz elkarrizketatu zen herenegun UNHCReko aholkulariekin.

Dominguezek errefuxiatu estatusa eskatu zien estradizioa galarazteko, Espainiaratzen badute bere bizia arriskuan egon litekeela argudiatuta.

UNHCRek datozen egunotan jakinaraziko du bere erabakia.

Mexikoko agintarien arabera, donostiarrak hiru identitate faltsu Iñaki Ruiz Alfranca, Francisco Javier Arrinda eta Enrique Ruiz erabili izan ditu duela bost urte Mexikora iritsi zenetik.

Hori dela eta, gerta daiteke errefuxiatua Espainiara estraditatzea edo Mexikotik kanporatu arren Espainia ez den beste herrialde batera bidaltzea.

Dominguez, 35 urtekoa, 1984ko urriaren 10ean atxilotu zuten Donostiako Egia auzoko bere etxean.

Zazpi egunez inkomunikatua eduki zuten eta torturak jasan zituela salatu zuen epailearen aurrean.

Hala ere, ETAri lagundu izana egotzi zioten eta sei urte eman zituen espetxeratuta.

Urte haietan Carabanchel, Alcala, Herrera de la Mancha, Daroca, Malaga eta Valladolideko kartzeletan izan zen.

1990eko ekainean askatu zutenean, Mexikora ihes egin zuen babes bila, Euskal Herrian geldituz gero berriro atxilotu eta torturatuko zuten beldur.